Albistea
Gizarte Zerbitzuek bapeatzearen prebentziorako programa bat bultzatu dute, DBHko 2. mailako ikasleei zuzenduta.

Gizarte Zerbitzuen Arloak, Gazteria Arloarekin, Sarriguren BHIarekin eta ikastetxeko Guraso Elkartearekin koordinatuta, DBHko 2. mailako ikasleei zuzendutako programa bat jarriko du abian, bapeagailuen kontsumoa eta bestelako arrisku-jokabideak ikuspegi integral batetik eta nerabezaroaren errealitatera egokituta lantzeko. Programa hau aurtengo maiatzean jarri zen abian, modu esperimentalean, DBHko 2. mailako ikasleekin. Ikasturte honetatik aurrera, urteko programa gisa finkatuko da, ikastetxearen hezkuntza-plangintzan txertatuta.
Ekimena Galkidea gizarte-ekimeneko mikrokooperatibak garatuko du, nerabeekin esku hartzen espezializatuta dagoen erakundeak. Programa ez da bapeatzearen arriskuei buruzko hitzaldi soil bat izango; aitzitik, gazteek etapa honetako berezko aldaketak hobeto ulertzeko eta talde-presioari, talde bateko kide izateko beharrari, identitatearen eraikuntzari eta erabakiak hartzeari buruz hausnartzeko gune bat izango da.
Esku-hartzea ikasleekin egingo diren hiru saiotan garatuko da (200 ikasle baino gehiago). Saio horietan bapeagailuak, izan ditzaketen substantziak, haien ondorioak eta mendekotasun-jokabideak landuko dira, baita berdinen arteko presioarekin lotutako eguneroko egoerak ere. PIBE metodologiaren eta arte eszenikoekin lotutako baliabideen bidez, parte-hartzaileek hainbat egoerari aurre egiteko moduak esperimentatu eta landu ahal izango dituzte, hala nola kontsumitzeko eskaintza bat jasotzea, ezetz esatea edo taldetik kanpo geratzeko beldurrari aurre egitea.
Programak, gainera, ikastetxeko DBHko maila guztietako ikasleen gurasoei zuzendutako bi saio izango ditu. Saio horietan, nerabeei laguntzeko, kontsumoari buruz hitz egiteko eta etapa honetan komunikazio irekia mantentzeko tresnak eskainiko dira. Halaber, ikasleen tutoreekin lan egitea aurreikusten da, irakasleak gai horiek lantzeko prestatzeko. Horretarako, Gizarte Zerbitzuetako profesional baten laguntza izango dute, eskola-sustatzailearena.
Ekimen honen bidez, Gizarte Zerbitzuen Arloak ezagutzan, hausnarketan eta tresna pertsonalen garapenean oinarritutako prebentzioaren alde egiten du, nerabeei gertatzen zaiena ulertzen eta erabakiak modu kontzienteagoan eta autonomoagoan hartzen laguntzeko. Ekimena epe luzera begira planteatzen da, hezkuntza-etapa honetan urtero egiteko asmoarekin, eta denboran jarraipena izango duen programa gisa.


