Albistea
«Ereindako hitzak, lotutako bizitzak»: Eguesibarrek euskarari eta kultura-aniztasunari buruzko argazki-erakusketan parte hartzeko deia egin du

Eguesibarko Udalak Nafarroatik kanpo jaiotako eta euskararekin nolabaiteko lotura duten pertsonen bizipenak bilduko dituen argazki-erakusketa sustatu du. Interesdunek azaroaren 15a baino lehen eman dezakete izena.
Eguesibarko Udala «Ereindako hitzak, lotutako bizitzak» argazki-erakusketa prestatzen ari da. Ekimenaren helburua udalerriko kultura- eta hizkuntza-aniztasuna ikusaraztea da, bertako bizilagunen esperientzia pertsonalen bidez.
Ekimen honetan Pía Alvero argazkilari profesionalak, ibarreko bizilagunak, parte hartuko du. Nafarroatik kanpo edo beste herrialde batzuetan jaiotako eta euskararekin nolabaiteko harremana duten Eguesibarko bizilagunen erretratu artistikoak egingo ditu.
Parte hartzeko ez da beharrezkoa euskaraz jakitea. Proposamena irekita dago euskaraz hitz egiten dutenentzat, ikasten ari direnentzat eta seme-alabek euskara ikasten dutenentzat. Garrantzitsuena hizkuntza horrek beren bizitzetan zer esan nahi duen eta beren esperientzia pertsonaletan edo familiarretan zer leku duen partekatzeko gogoa izatea da.
Argazkiak euskara eta udalerrian bizi diren pertsonen aniztasuna balioetsi nahi dituen erakusketa baten parte izango dira. Hizkuntza batera hurbiltzeko eta hura norberaren egiteko dauden modu desberdinak erakutsi nahi dira.
Udalak ikastetxeak, elkarteak, familiak eta herritarrak animatzen ditu ekimena zabaltzen laguntzera.
Nola parte hartu?
Interesdunek Edorta Eguesibarko Udaleko Euskara teknikariarekin jar daitezke harremanetan azaroaren 15a baino lehen.
Telefonoa: 697 164 609
Helbide elektronikoa: euskera@egues.es


